Urtaro berriarekin hor etorri ziren, ohi bezala, tenporetan oinarritutako urtarorako eguraldi aurreikuspenak. Gustura entzuten ditut neuk ere. Antzinatik datorren ohitura da eta ondo dago ohitura zaharrei jarraipena ematea. Baina, nola hartu behar ditugu? Hor dago koska. Bitxikeri bezala hartu behar dira, baina inoiz ere ez iragarpen serio bezala. Zergatik?
Ez zen harritzekoa izango tenporen jatorria paganoa izatea. Horrela da iturri batzuen arabera. Gaur erabiltzen diren datak, berriz, egutegi liturgikoan sartuta daude eta ez dago jakiterik jatorrizkoekin bat datozen. Baina, demagun zuzenak direla eta azter ditzagun, gainetik, tenporen datak. Udaberriko tenporak, adibidez, Garizumako bigarren asteko asteazken, ostiral eta larunbatean dira. Inauteriak bukatzen direnean hasten da Garizuma. Eta, dakigun bezala, Inauterien datak Ilargiaren fasearen arabera aldatzen dira urtetik urtera. Honen arabera, tenporen kontu hau Ilargian oinarritzen dela pentsatu al dugu. Baina Neguko tenporetara jotzen badugu, haiek Santa Luzia egunaren ondorengo, hau da, abenduaren 13aren ondorengo, lehenengo asteazkena, ostirala eta larunbata dira. Ez du, kasu honetan, inongo loturarik Ilargiarekin. Hau da, ez da irizpide finkorik ikusten.
Pello Zabala ikusi nuen Gabonetan GoiTBn tenporataz hitzegiten. Iragarpena egiteko prozedura aldatu egin duela esan zuen, beste inguru batzuetan egiten zen bezala, kontratenporei ere begiratu behar zaielako. Zer esan nahi du horrek? Aldaketa aurretik ez zuela iragarpenetan asmatzen? Asmatzen al du orain?
Asko miresten dut Pello. Inork bezala daki Naturak bidaltzen dituen seinaleak irakurtzen. Maixua da horretan. Eta lan etnografiko ona egiten ari da tenporen sistema errekuperatzen. Gure kulturaren zati garrantzitsua da. Funtzionatu ezin duen eguraldi iragarpen antzinako sistema.
Debagoieneko ostiraleko Goiena paperean argitaratutako artikulua da hau.