Barkatu eragozpenak, baina hau inuxente eguneko broma bat besterik ez zen.
NASAren LRO misioa izanda joaten ari zaigun 2009 honetako zientziaren munduko gauzarik garrantzitsuenetarikoa. Ilargian gelditzen diren Apollo misioen aztarnen argazkiak atera ditu eta ura aurkitu zen Ilargi polotan. Baina azkeneko sorpresa batekin dator urtea agurtzeko, albiste historiko bihurtuko dena.
Bloga martxan jarri genuenetik pasa diren hilabete hauetan, Universe Todayko John Lies-en lagunak egin gara. Ezin ukatu Universe Todayk lotura zuzena duela NASAkoekin. Orain dela egun batzuk kontatu zigun Johnek albistea, baina ezin genuen ezer esan. Orain, web desberdinetan albistea filtratzen hasi denez, bere baimena dugu dakiguna kontatzeko.
Askok uste bezala, NASA LRO misioarekin zerbaiten atzetik zebilen Ilargian. Eta irailean 50 kmtako altuerara egindako azken hegaldian, baita aurkitu ere. Itxura denez eraikuntza estralurtar batzuen aztarnak ikusten dira argazkietan, eta ilargi azal osoan zehar, gainera. Albiste ofiziala Barack Obamak emango du bere urte amaierako berbaldian eta orduan erakutsiko ditu argazki harrigarri horiek. Ez hori bakarrik, zin egingo du NASA Ilargira itzuliko dela 2010 urtearen amaiera aurretik. Ez da batere erraza izango, asmoa astronautak Ilargian egonaldi luzea egitea delako, hilabete bat ingurukoa. Eta helikoptero berri batekin Ilargian zehar mugituko dira, dauden aztarna guztiak ikertzeko asmoz.
Berez aspalditik dabil NASA honen inguruan lanean. Dagoeneko Apollo misiotan ere aurkitu zituzten aztarna batzuk, JJ Benitezek “Planeta encantado” dokumental sortan erakutsi zuen bezala. Kale egin zuen orduan Benitezek, ordenagailuz egindako errekreazio bat, benetakoa bezala saldu zuelako. Baina zuzen zebilen. Hemen aipatzen ari garen dokumentalaren zatia.
Betidanik galdetu diogu gure buruari nola, Apollo XIII misioaren ostean, Apollo XIVak XIII.aren misio bera burutu zuen, Fra Mauron. Eta betidanik galdetu diogu gure buruari nola zein posible Alan Shepard hain arrisku handian jartzea bere bizia, hiru ordutik gora iraun zuen irteera famatu hartan, non Apollo ontzia bistatik ere galdu zuten. hemen idazti genuen horri buruz. Asmoa Cone kraterrera heltzea zen, bere barnean Egiptoko Gizehko piramideen erreprodukzioa bat dagoelako, tamaina berekoa gainera. Orduan erakutsitako argazkietan antzematen da, baina ezin dira garbi ikusi argazkiak banatu ziren erresoluzioan. NASAk piramide hauek Egiptoko piramideen garaikideak direla uste du, eta estralurtarrak egindakoak direla kasu bietan. Hori gutxi balitz, NASAk estralurtarren jatorriarekiko pista da. Antza denez, estralurtarrak Orioneko gerrikotik datoz eta Egiptoko hiru piramideak haren antzera eginikoa da. Heren jatorrizko izarra Alnitak izango zen, Keopsen piramidea, baina beste bi izarretara -Alnilam eta Mintaka- ere aspaldi zabaldu zirela uste dute. JJ Benitezek hitz egin zuen honi buruz ere aipatutako “Planeta encantado” dokumentaletan.
Baina hau ez da guztia. Badirudi “canali” batzuk aurkitu dituztela Ilargi azalean zehar eta guztiak Cabeus kraterretik ateratzen dira. Hori dela eta egin zuen talka LCROSS eta LROk krater horretan. Ondo zekien NASAk han ura zegoela, nahiz eta, ikusi den bezala, gehiegi ere ez egon. Hori dela eta utzi zutelako estralurtarrek Ilargia. Ur iturria agortutakoan, alde egin zuten.
Errebelazio guzti hauek Obamaren politika berriaren barnean kokatzen dira. NASAk ez du aurrerantzean presupuesto arazorik izango, baina, horren truke, amaitutzat eman beharko du agentzia honek bere sorkuntzatik izan duen sekretismo politika. Hori dela eta, hau lehenengo albiste harrigarria besterik ez da izango. Laster batean Area 51 famatuak gordetzen dituen sekretuak kontatuko ditu, han ontzi estralurtarren zatiak eta estralurtarren gorputza batuk gordetzen bai ditu. Ez da erraza izan sekretu hau gordetzea, estralurtarrak oso lasai ibiltzen bai dira han. Ikusi, bestela, Obamak laster publikoa egingo duen argazki hau, non estralurtarrak, lasai asko, zerbezatxo bat edaten ageri diren.
Jende askok uste du eszeptikoek beti ari ginela horrelako albiste guztiei ezetz esaten. Arazoa frogarik ez zegoela zen. Orain, eszeptikoek behar ditugun frogak izango ditugula, pozik ari gara estralurtarren existentziaren berri ematen. Garai berri baten atarian gaude. Mila esker, Obama.