98-99 ikasturtetik ematen dugu Astronomia hautazkoa DBH3n Bergarako Aranzadi Ikastolan. Aurtengoa 11. promozioa da. Beste komunitate batzuetan baino zorte handiagoa izan dugu Euskadin eta, oraingoz behintzat, Astronomia ematen jarraitzeko aukera dugu.
Helburu nagusienetarikoa ikasleei zerua deskubritzea da, bidea erakutsi, bizitzaren etapa desberdinetatik pasa ondoren, astronomia ber deskubrituko dutenaren esperantzarekin.
Udazkenean egiten dugu izarrak ikusteko lehen irteera. Aurreko astean izan zen. Astronomiako ikasleez gain, beste hautazko batzuetako ikasleak ere etorri ziren, kuriosidadearekin. Argi kutsaduratik iheska, Bergarako San Migel gainera joaten gara oinez.
Ez zen oso gau ona astronomiarako. Hego-haizeak turbulentzia atmosferan iragartzen du hemen. Horren truke, tenperatura udazkeneko beste edozein gau batean baino epelagoa da eta hezetasunik ez dago apenas.
Argazkien bidez joango gara gau horretan gertatutakoa azaltzen. Argazkiak timelapse bat muntatzeko atera genituen argazki sortatik ateratakoak dira. Jarraian datorren txapa guztia saltatzea nahi izanez gero, bukaeran dago timelapsea.
Ikasleak oiñez gora datozen bitartean teleskopioa muntatzen hasten gara. Batzuk bizikletan etortzen ausartzen dira eta konpañia egiten didate, edozein lekutara igota.
Berez irteera honen helburu nagusia konstelazioak ikustea da. Ilargia ikusteko ez dago Bergaratik irten beharrik. Gelan konstelazioak eta zeruaren mugimendu desberdinak landu ditugu. Furia de Titanes, 1981ko filma ere ikusi dugu. Udazkeneko zeruan agertzen diren pertsonai mitologikoak dira pelikularen protagonistak. Hemen ikus dezakezue pelikula horren atal bat, Perseo eta Medusaren borroka, behinik behin.
2010an estreinatzen da pelikula honen bertsio berri bat. Ez du itxura txarrik, baina nekez izango du pelikula originalaren xarma. Hemen duzue trailerra:
Lehenengo gauza orientatzea da. Non dago Ipar Izarra? Horretan ari gara hurrengo argazkian. Zeuek ere bilatu. Hartz Handia horizontea ukitzen dago udazkeneko gauen lehenengo ordutan. Hartz Handiaren eskumako bi izarrak bost bat aldiz luzatu eta agertzen den lehengo izarra da Ipar Izarra. Hor dago, argazkian, dorrearen argi gorriaren ondoan.
Behin iparra non dagoen dakigula, konstelaziotik konstelaziora saltoka joateko ordua da. Pegaso, Perseo, Casiopea, Pisces,… Horretan gabiltza hurrengo argazkian.
Tira, heldu da teleskopioan begia jartzeko ordua. Ilaran jarri eta Jupiter, Ilargia, Andromedako galaxia, Albireo izar bikoitza, … ikusteko garaia da. Ilgoran egiten dugu beti lehen irteera hau. Teleskopio batetik begiratzen duzun lehenengo aldian Ilargia ikusten baduzu, errekuerdo ona gordeko duzu betirako. Sorpresa positiboa Esne Bidea ikustea izan zen. Bergara Euskadi erdian dago eta Esne Bidea ikusten da oraindik!!! Nahiko ahul, hori bai, ilgoraren argitasuna dela eta. Etorriko gara berriz Ilargirik ez dagoen gau batean. Ikasle gutxik ikusi dute inoiz Esne Bidea. Pena bat. Taldearen argazkia amaitzeko eta hurrengo arte.
Hemen duzue timelapsea. Denbora errealeko bi ordu inguru dira, 43 segundotan laburtuta. Konturatu zaitezte zerua Ipar izarraren inguruan biraka ikusten dela. Timelapseari buruz zehaztasun gehiago nahi izanez gero, vimeora jo. Eta hobeto ikusteko, pantaila osora hobe.