Blogaren azpi-tituluak dioen bezala, blogaren asmoa Astronomia, Fisika eta Zientziaz hitz egitea da. Orainarte sarrera guztiak Astronomiari buruzkoak izan badira, heldu da Fisikaren momentua. Hori bai, blogaren filosofiari jarraituz hitz egingo dugu Fisikaz ere. Gauza bitxiak era entretenigarri batean kontatuz. Eta aitzaki perfektua dugu Fisikarekin hasteko.
Datorren azaroaren 30ean, Galileoren lehenengo behaketa astronomikoa ospatzeko, Gravedad Cerok estatu mailan ospatzen den lehen Fisikaren karnabala ostatatuko du.
Carnival of Mathematics-ean inspiratuz, asmoa ahalik eta zientzia blog gehien batzea da, egun berean, fisikarekin lotutako edozein sarrera publikatuz.
Azaroaren 30ean -astelehena- Gravedad Cerok sarrera bat publikatuko du ekimen honetan parte hartu duten blogen sarrerekin. Euskarak bere tokia izango du han, beraz, katalana eta galegoarekin batera.
Fisikaren karnabal honek adar europar bat ere badu, Gravità Zero italiarren blogatik ere jarraitu ahal izango delako. Bestalde Italiako UAI-k (Unione Astrofili Italiani) ekimena babestuko du.
Datorren astean izango duzue gure aportazio txikia. Gure ustez Fisikaren historiaren esperimentu ederrenari buruz hitz eginez. Zein izango da? Zein da, zure ustez, Fisikaren esperimenturik ederrena? Utzi zure iritzia komentarioen atalean.