Gaurkoa da aurtengo Leoniden gaua. Nola ikusi? Aurreikuspenei kasurik egiteke, aholkua, Euskal Herrirako, gauerdiaren aurretik behaketa hastea da, ahalik eta lekurik ilunenetik. Leo konstelazioa gauerdi inguruan ateratzen da eta hortik aurrera izango dugu leonida kopuru handiagoa ikusteko aukera.
Zer pintatzen du Leo-k guzti honetan? Leoniden kasuan meteoroak Leo-ren konstelazioko puntu batetik ateratzen direla ematen duelako. Euriaren radiante deritzo honi. Hobeto ulertzeko, ikusi bideo hauek.
Aurreikuspenak gero eta fidagarriagoak dira. Hauek dira aurtengoak, SOMYCE-ren -Sociedad de Observadores de Meteoros y Cometas de España- web orritik hartutakoak.
IMCCEko Jeremie Vaubaillon-ek -aurtengo Perseiden aurreikuspenetan oso fin ibili zena- dio Lurrak Tempel-Tuttle kometak 1567, 1466 eta 1533-ean utzitako hodeiekin topo egingo duela*.
Aurreikusten diren ordutegiak:
17/11/2009, astearte goizean (egun argiz Euskal Herrian) 7:27tan UT (gure ordutegirako, bi ordu gehitu). THZ Tasa: 25. 1567ko hodeiarekin egingo du Lurrak topo.
17/11/2009, gaur gauean 21:43-tan UT. THZ 115. 1466-ko hodeia.
17/11/2009, gaur gauean 21:50-tan UT THZ 80. 1533ko hodeia.
Laburbilduz:
Euskal Herrirako: Gaur gauean, gauerdi inguruan, 1466 eta 1533ko hodeien aurreikuspenak elkartuko dira. THZ estimatua 200. Batzuk THZ 500-era helduko ginela zioten, baina ezetz dirudi. Iaz ere 1466ko hodeiarekin topo egin genuen, baina ordu beteko atzerapenarekin. Agian aurten ere gauza bera gertatu ahal da.
Zer esan nahi du THZ 200 izango dela? Ba radiantea zenitean balego (eta ateratzen egongo da), zeru ilun-ilun batetik behatuz gero eta zeru osoa ikusteko ahalmena izango bagenu –eta ez dugu-, 200 meteoro ikusiko genituela.
Aurtengoan Asiatik izango dituzte baldintza onenak Leonidak ikusteko, aurreikusten den maximoan Leo nahiko goian izango dutelako. Baina maximoak atzeratuz gero, europarrok izango genuen onena ikusteko aukera.
Amaitu aurretik, ezin ahaztu Leo-k gonbidatu berezi bat duela egun hauetan. Marte da gonbidatua eta mapan ikusi ahal duzun posizioan aurkituko da Leorekiko.
* Euri historikoen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, irakurri blog honetako aurreko sarrera.