Danok duzue Perseiden berri, abuztuko izar euri famatua. Baina ia hilero dago izar euriren bat, batere espektakularrak ia kasu guztietan. Baina ez da beti horrela izaten.
Laster izango da Geminiden txanda –abenduan-, izar euririk ikusgarriena agian. Leoniden txanda da orain. Leoniden izar euria ikusgarriena da, askotik, inongo dudarik gabe. Zoritxarrez ez da normalean horrela izaten. Laster ulertuko duzu zergatik.
Izar euriak kometekin daude lotuta. Kometak, bere orbitan, Eguzkira gerturatzen direnean,berotu eta buztana osatzen duen materia askatzen hasten dira. Gure Lurra material hori geratu den ingurutik pasatzen bada, partikula horiek atmosferan sartu eta, marruskaduragatik, erre egiten dira, hain ederrak diren izar usoak sortuz.
Temple-Tuttle kometa da Leonidekin lotuta dagoena. Kometak izen hor ihartzen du, Ernst Tempel 1865ko abenduaren 19an eta Horace Parnell Tuttle 1866ko urtarrilaren 6an era independente batean aurkitu zutelako. Kometak 33 urtetako periodoa du. Horrek esan nahi du periodikotasun horrekin kometak partikula berriak uzten dituela espazioan, hurrengo izar euriaren izar usoen kopurua ugarituz. Batzuetan era harrigarri batean, orain ikusiko dugun moduan.
1833, New Orleans
1833, Niagara
1913, Oslo
Berez horrelakoetan ez da izar euriaz hitz-egiten, izar ekaitzaz baino -1000 meteoro/h tasa gainditzen denean-. Historiara jotzen badugu, 902 urtetik dugu Leoniden berri, astronomo txinatarrena delako lehen erregistroa. Humboltek 1799ko izar ekaitza ikusi zuen Venezuelatik “milaka izar uso eta bolido erori ziren lau orduz”, idatzi zuen. 1833koa izan da, dudarik gabe jasota dugun handiena. Wikipediak horrela dio: “1833ko azaroaren 13an, Estatu Batuetako mendebala sei orduz izar usoen argiarekin argituta egon zen leonidak direla eta. Gau erdia pasata hasi zen. Bostongo Olmsted zera zioen «elurte batean ikusten diren elur maluten erdiak edo izango ziren», eta 240.000 baino gehiago zenbatu zituen”. Ezin dugu imajinatu ere egin nolakoa izan zen hura.
Hala ere, batzuetan ikuskisunak kale egiten du. Eguzki Sistemako planeta erraldoiek partikulen hodeia mugitu eta ez da espektakulurik izaten. Leoniden ekaitza ikusteko azkeneko aukera 1999ko azaroaren 18an ikusteko aukera izan genuen. Euskal Herrian, nola ez, lainotuta egon zen. Baina lagun batek kotxea hartu eta ia Madrileraino heldu zen lainorik gabeko zeruen bila. Inoiz ahaztuko ez dituen gau horietakoa bezala deskribatzen du gau hura. Nahiko maximo estua izan omen zen –laburra- baina oso ikusgarria. Ez zen, hori bai, historikoa izatera heldu.
Bihar aurtengo aurreikuspenak. Aurten ekaitzik ez izan arren, mereziko du bihar gauerditik aurrera –azaroak 17, asteartea- zerura begira jartzea.