Ilusioz beterik joan nintzen Amenabarren pelikula berria ikustera. Kritika benetan onak irakurri ditut filmari buruz, Astronomiaren nire mundutik bereziki. Joan ahal izateko pekatuan erori nintzen. Javier Armentiaren hitzaldi batetik momenturik interesgarrienean alde egin nuen. Javier, ez dakit hau irakurriko duzun, baina neu nintzen aurreko astearteko Donostiako Kutxaguneko zure hitzalditik, pena handiz, atera zena. Denbora urrea da eta bidaia zure hitzaldiaren zati bat eta ÁGORA ikusteko aprobetxatu nuen.
Zinera bidean autoan nindoala, pozik nengoen, datozen urteetan nire Astronomiako klasetan jarriko nuen pelikula ikustera nindoalako. “Furia de Titanes”, “Apollo 13” eta “Contact” jartzen ditut urtero. Ez dut inoiz ÁGORA ipiniko.
Ez da nik espero nuen pelikula. Antza denez, Albert Einsteinek behin zera esan zuen: “Bi gauza besterik ez dira infinituak, unibertsoa eta giza burugabekeria, eta lehenengoari buruz ez nago ziur”. Giza burugabekeriaz doa Agora. Eta benetan infinitua izatera heldu ahal dela erakusten du. Maisutasunez gainera.
Gauzak garbi. Pelikula ona da. Oso egokia nire Filosofiako lankideak jartzeko edota Etikako klasetan eztabaidatzeko. Filma bukatu aurretik irteteko ideiarekin sartu nintzen zinean (baita egin ere). Amaiera “El incendio de Alejandría” liburutik ezagutzen nuen (oso liburu gomendagarria) eta nahikoa izan nuen irakurtzearekin. Baina lehenago ez ateratzeko esfortzuak egin behar izan nituen. Ez du Astronomiaz hitz egiten neuk espero nuen bezala. Ez Alexandriako liburutegia bere osperik handienean ikusten*. Ez da ikusten Hipatia plazan klasea ematen. Giza izugarrikeriak guztia inbaditzen du. Ez zait gustatzen Amenabarrek nola saltzen ari den filma medioetan (Astronomia alde guztietatik). Ez du pelikulak horretaz apenas hitz egiten. Ospatzen ari garen Astronomiaren urteak beste film mota bat merez izuen.
“ Hipatia-ren hipotesiari” buruz, ridikulua dela esan. Batzuk diote Alexandriako liburutegiko liburuak galduko ez balira (ez Hipatiaren garaian gordetzen zituenak, aurreko sute batean gehienak galdu bai ziren) agian momentu honetan gizakia Marten biziko zela eta izarretara bidaiatzen egongo zela. Horrekin jokatzea gauza bat da eta beste bat Keplerrenganaino 1200 urte salto egitea. Hor ibai, hipotesia neurri batean koniketan justifikatzea jenialidade bat da.
Zinearen hizkuntza horrelakoa da, baina ez zait batere gustatzen koloreen jokoa. Gaiztoak beltzez janzten dute (zenbat eta gaiztoagoak, ilunago) eta kolore argiekin onek. Horrez gain, Hipatia filma osoan agertzen den emakumezko bakarra da.
Interesgarria da ÁGORA-ren web orritik pasatzea pertsonai asko benetan existitu zirela jakiteko. Eta agerian uzten du filmak ez duela nahi zuena islatzen. Davo esklaboak ez du, inolaz ere web horretan Amenabarrek berari buruz esaten duena transmititzen. Hipatiaz maitemindurik dagoen beste pertsonaia ere (Orestes), nahiko flojo dago eta pelikula hankamotz uzten dute.
Astronomiara bueltatuz, saiatu nintzen zerua agertzen den sekuentzia labur horietan konstelazioren bat errekonozitzen. Alferrik. Ez nuen bat ere aurkitu, ziurrenez ez dagoelako. Gauza bat ziurra da. Hipatiak Acuarion gertatzen den planeten konjuntzio bati buruz hitz egiten duenean han ez da planetarik ageri. Nahiko ahulak dira Acuarioko konstelazioko izarrak eta oso nabariak izango ziren han planetak, heren distira handia delako. 50 milioi euro gastatzeko edukita, ez dut ulertzen nola ez zuten apur bat gorde zeruaren errepresentazio dezenteagoa egiteko.
Desengainu handi xamarra izan da. Filmak oso ondo erakusten du, gutxitan egin den bezala, garai haietan egiten ziren barbaridadeak (zoritxarrez oraindik ere egiten direnak). Baina berriro diot Astronomiaren urte honek beste pelikula mota bat merezi zuela.
* Hori ondo islatuta dago pelikulan, Hipatiaren garaia Alexandriako liburutegia izandakoaren islapen triste bat besterik ez zen.