Egun lainotsua atzokoa Zamoran, euri apur batekin. Baina ilunabarrerako zabaltzen joan zen eta bazirudien beste egun batez Artizarra eta Merkurio ikusiko genituela. Ikusi bai, baina astirik gabe argazkia atera ahal izateko. Norbaitek atera bazuen, bidali, mesedez, planeta hauen dantzaren sekuentzia osoa ikusi ahal izateko. Posible bada, jarraituko dugu datozen egunetan argazkiak ateratzen, bukaeran sekuentzia osoa argitaratzeko. Jose Antonio Pleguezuelo Sevillako lagunak hiri erditik atera zuen planeta bien argazkia apirilaren 1ean “kofradiez inguraturik eta gau zoragarri batean, aspaldiko partez”.
2010eko apirilaren 1a, Sevilla
Artizarra eta Merkurio ez, baina, aurkako horizontean dagoen Saturnori bai atera geniola argazkia. Han dago, ekialdean, Saturno ateratzen. Teleskopioa duzuenok, badakizue, beraz, non dagoen eraztuna duen planeta. Ez baduzue inoiz ikusi eta, lerro hauei esker, lehenengoz ikusten baduzue, kontatu komentarioen atalean zuen inpresioak. Gauaren hasierako posizio horretan ez baduzue ondo ikusten, gaua aurrera joan ahala gorago egongo da eta ikusteko baldintza hobeagotan.