Ez dakit eguraldia lagun izan duzuen Artizarra ikusi ahal izateko. Datozen egunetan nobedadeak daude inguru horretan, Artizarraren ondora laguntxo bat datorelako: Merkurio.
Ez da erraza Merkurio ikustea. Copernicok ez zuela Merkurio inoiz ikusi esaten da, historio hori nahiko sinestezina izan arren. Ez delako Merkurio ikustea hain zaila. Noiz eta nora begiratu jakinez gero.
Eguzkitik hain gertu egotean, gure eguzkiaren argitasunak ez digu ixten planeta ikusten. Baina urtean bizpahiru aldiz, nahiko aldentzen da Eguzkitik -itxuraz- eta ikustea posible izaten da. Oso lehi estua irekitzen da, hori bai. Ikusi ahal izateko astebetekoa epea dugu. Hori pasata, jai dugu berriz.
Aste honetan dugu aukera horietako bat. Begiratu mendebaldera eguzkia sartu eta iluntzen hasten denean. Ez itxaron gaua izan arte, orduan beranduegi delako. Ilunabarreko argien artean izan behar da. Erraz ikusiko dugu Artizarra. Bere eskuinean, behe aldera, beste argitxo bat ikusiko dugu, ez hain distiratsua. Merkurio da. Hemen duzue aurreko igandeko posizioa Astrobob-ek ateratako argazkian.
Onartzen ahal duzue erronka? Errazen aste-bukaera aldera ikusiko duzue, baina jadanik ikusgai dago. Inguru menditsu batean bizi bazarete, aurkitu tokiren bat non mendebaldeko horizontea nahiko garbi dagoen. Baina, aurrean oztoporik ez baduzue, etxeko leihotik ikusteko modukoa da. Begi-bistaz.
Hemen dituzue Stellariumeko mapak. Eta, Merkurio ikusten baduzue, kontatu esperientzia komentarioen atalean.
2010eko martxoaren 31an
2010eko apirilaren 3an