Jupiter ibiltaria | Nabigatzailea - Blog elcorreo.com >

Blogs

Manu Arregi Biziola

Nabigatzailea

Jupiter ibiltaria

Buena Esperanzako lurmuturreko holandar erratua bezala, horrela ibiltzen dira planetak zeruko izar finkoen artean. Antzinatik dakigun zerbait da, planeta hitza, dagoeneko, grekotik bai dator eta izar erratua esan nahi du. Posible al da guk geuk mugimendu hori ikustea? Bai, eta datozen hilabetetan era erraz batean egiteko aukera izango dugu.

Blog honetako beste sarrera batean esaten genuen bezala, oso erraza da Júpiter gau hauetan aurkitzea, Capricornioko konstelazioaren bi izartxoren gainean. Eskerretik eskuinera delta eta gamma Capricorni dira hauek eta izen propioa dute, Deneb Algiedi eta Nashira, izen arabiarrak, herak izan bai ziren izarrei izenak ipintzen ibili zirenak.

Jupiter da gau hauetako argizagi distiratsuena. Baxu xamar aurkituko dugu hego-ekialde norabidean gauaren hasieran eta hegoan eta gorago gauerditik aurrera. Izarrak –zirkunpolarrak ezik-, Eguzkia eta Ilargia bezala ekialdetik atera eta mendebaletik sartzen dira Lurraren errotazio mugimendua dela eta.

Berez, Jupiter aurkitzeko ez da beharrezkoa hegoa non den jakitea. Gau hauetako zeruko argizagi distiratsuena, ia era lotsagabean bereizten dena, hori baita Jupiter. Gauak aurrera egin ahala, altuera irabazten duen ikusiko dugu, baina aurretik aipatutako delta eta gamma Capricorni izarrekiko posizio erlatiboa mantenduz. Irudian duzue gau hauetako disposizioa, Stellarium dohaineko planetariotikateratako irudian.

Baina nahikoak dira egun gutxi batzuk –astera heldu gabe- zerbait aldatzen ari dela nabaritzeko. Ondoko irudietan dauzkazue uztailak 26, abuztuak 8 eta abuztuak 17ko posizioak.


Argi dago mugitzen ari dela. Eta horrela jarraituko du urriaren 13rarte, non Eguzki Sistemako planeta erraldoiena geldikor aurkituko den. Hortik aurrera Jupiterrek bere ohiko mugimendua berreskuratuko du eta beste aldera mugitzen hasiko da. Hau izango da egun horretako posizioa.

Eta hau? Jupiter erretrogradazioan aurkitzen da orain. Lurra eta Jupiter heren orbitetan zehar parean jartzen direnean –oposizioan- Lurraren bere orbitako mugimendua Jupiterren mugimendu propioari nagusitzen da eta honek atzera egiten duela ematen du. Aurreratzen ari gara.

Urriak 13tik aurrera ohiko mugimendua berreskuratuko du eta, berriz ere, gau hauetako posizioetara itzuliko da. Abenduaren 6an, irudian ikusten den bezala, oraingo posizioen inguruan egongo da berriro.

Posible da esperientzia bera beste planeta batzuekin errepikatzea? Ez hain erraz. Merkurio da planeta azkarrena. Eguzkitik hain gertu egotean, oso azkar ibili behar da bere grabitatearen menpe ez jausteko. Baina, zoritxarrez, Merkurio oso egun gutxitan ikus dezakegu urtean zehar eta beti ilunabarreko edo egunsentiko argien artean. Oso zaila da, beraz, erreferentziazko izarren bat aurkitzea bere mugimendua jarraitu ahal izateko. Marte ez da Jupiter bezain argitsua eta ez badugu zerua ezagutzen ez da aurkitzeko hain erraza. Baina agian saiatuko gara zerbait egiten hilabete batzuk barru. Saturno, Marte bezala, ez da aurkitzeko erraza. Bere kasuan, gainera, Eguzkitik urrutiago dagoenez, motelago mugitzen da eta denbora gehiago behar da mugimendua nabaritzeko. Eta Artizarra, azkenik. Artizarraren distira Jupiterrena baino nabarmenagoa da eta horregatik ez dugu nor den jakiteko arazorik izango. Saiatuko gara edertasunaren planetarekin zerbait egiten, naiz eta bere mugimendua jarraitzeko aste gutxi batzuk besterik ez izan.

Animatu zaitezte, polita bai da norberak gauza hauek ikustea. Eta kontatu gero esperientzia komentarioen atalean.

Temas

Astronomia, fisika eta zientziaren inguruko bloga

Sobre el autor

Artxiboa



agosto 2009
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31