Gaur da Gagarinen hegalaldiaren 50. urteurrena. Christopher Riley zinemagile eta blog honetan zenbait aldiz agertu den Paolo Nespoliren elkarlanari esker Gagarinen hegalaldia nolakoa izan zen erakusten duen dokumentala aurkeztu dute gaur. ISStik ateratako irudiak erabiltzen dira horretarako, benetako misioaren audioa, irudi berriekin eta Philip Shepparden musikaren bidez.
Ez dago bideo material gehiegirik Gagarinen abenturaren ingurukoa. Baina ISSak 6 astetik behin Gagarinek deskribatutako orbita egiten zuela jakinda grabatu dituzte irudi hauek. Pena zeukan Gagarinek bere espaziora lehenengo ateraldi hartan ez zuelako Ilargia ikusi. Hori dela eta, omenaldi gisa, sartu da Ilargia dokumental honetan.
Ingeleraz dago, baina audio gutxi dago eta ederrena iduriak dira. Ez duzue haria galduko.
First Orbit web orrian aurkituko duzue informazio gehiago eta dokumentala deskargatzeko aukera. Keepviden bidez ere deskargatu ahal da bideoa, oso kalitate onean.
Esan azkenik Googlek ere (ze gustura geratu naizen google linkatuz) bere portadan omenalditxoa eskaintzen diola gaurkoan Gagarini. Post honen sarrerako irudia da.