Aurretik komentatu dugun bezala, Jupiterreko hegoko banda ekuatoriala (SEB) berragertzen hasita dago. Hasiera batean astrofotografoentzat bakarrik izan bazen, orain begi-bistaz ere ikusi ahal dira aldaketak, Oscar Canales kontatu digun bezala. Orain dela egun batzuk beltzune ilun txiki bat begibistaz ikusi zuen bere C11rekin, behaketarako baldintzak oso onak ez izan arren.
Azaroaren 12tik aurrera nahiko nabariak ziren aldaketak eta integralen ikurraren forma zeukan zutabe ilun bat nahiko garbia zen. Ez dago atzera bueltarik eta datozen astetan nahiko azkar joango dira aldaketak. Jesus R. Sanchez irudietan duzue “S” forma duen beltzunea.
Christopher Gorenak dira azkeneko irudi hauek. Azaroaren 23 eta 24koak. Azkar aldatzen ari dira gauzak. “S”formarekin hasi zen beltzune iluna zabaltzen doa, 24ko irudi hauetan ikusten den bezala.
Beltzune gorriaren inguruan ere aldaketak hasi dira, 23ko irudi hauetan ikusten den bezala. Beltzune sorta bat sortu da hor.
Tira, merezi du orduan Jupiter behatzea datozen astetan. Hemen dituzue Josep M. Gómez Forrelladek kalkulatutako efemerideak. Bandaren berraktibazioaren ingurunea noiz egongo den Jupiterren erdi-erdian adierazten dute. Kontuz denbora UT-tan dago eta. Gure ordutegirako, ordu bat gehitu.