Sarrera honen izena 2006an TED Talks-en Ken Robinson
-ek egindako aurkezpen batean inspiratzen da: Sormena hiltzen al dute eskolek? Ezaguna izango da askorentzat baina, komentatu aurretik, ikusita baduzue ere, berriz ikustea gomendatzen dizuet. Oso entretenigarria da.
Aurkezpen bikaina. Hausnarketarako egokia. Baina, esandakoaren inguruan pentsatzen ibili eta gero, gauzak beste era batera ikusi ahal dira.
Gogor ematen hasiko gara. Kokoteraino nago estilo honetako kalakariekin. Bere esposiziotik urrundu gabe, arazo bat planteatzen du Ken Robinson-ek. Baina soluziorik ez du ematen. Nola sustatzen da sormena eskolan? Era unibertsalean, noizean behin jakinarazten zaigulako ez dakit non dagoela zentro bat non, sistema aitzindari bat aurrera eramaten ari den era arrakastarekin. Oso ondo, baina ez da balekoa. Sistema on bat, benetan ona, edozein lekutan eta edozein irakasle-ikaslerekin arrakastarekin aurrera eraman ahal dena da. Ez toki, irakasle eta ikasle konkretu batzuekin soilik.
Zer esan Robinsonek jartzen dituen adibidei buruz. Guztiok izan al gara William Shakespeare edo Gillian Lynnen bezalakoak? Posible izango zen dantza, marrazketa, pintura, antzerkia, musika,…gai printzipal bezala irakastea, matematika, zientzia, hizkuntzak, literatura,…bigarren mailara jeitsiz. Ona izango zen? Nork esango zion gero ikasleari: “zuk Gillian Lynne bezalakoa izan nahi duzu, baina ez duzu balio Gillian Lynne bezalakoa izateko”?
Erraza da bere adibide guztiei buelta ematea. Kale egitearekiko beldurra, adibidez. Hain txarra da? Hor kanpoan mundu erreala dago, ez pedagogoen mundu ideala. Abioi baten pilotua bazara, ez da ona kale egitea. Enpresa handi batentzat piezak egiten dituen enpresa batentzat lana egiten baduzu, ez da ona pieza horrek gaizki egitea, zure enpresaren porrota suposatu ahal duelako. Eta, zer esan zure kotxea gidatzen zoazela kale egiteari buruz? Benetan da txarra kale egiteari beldurra izatea?
Horrez gain, ez dut nik oso garbi eskolak direla umeen sormena mozten dutenak. Har dezagun berak jartzen duen adibide bat. Intsentsu (incienso) hitza gogoratzen ez duen mutikoena. Bota zuena botata, ziur ikusleak barrezka hasiko zirela. Grazia egingo zion horrek mutikoari? Edo, lotsatuta, ondo zainduko zuen aurrerantzean horrelakorik ez egitea?
Utz ditzagun utopiak alde batera. Guztiok ez dugu barnean genio bat potentzian. Gehienok ezin gara Einstein, Shakespeare edo Leonardo da Vinci izan. Eta ez eskolen erruz. Nire ustez, hezkuntza sistemak norberari leku bat gizartean aurkitzen lagundu behar dio. Igeltseroak, injenieroak, idazleak, okinak, lora saltzaileak, … izateko prestatu behar ditugu, heren lanbideaz harro egoteko. Guztik direla ezinbestekoak gizartearentzat.
Konturatuko zineten bezala, ez ditut oso gustuko pedagogoak. Irakasleok, orain, ikasleen konpetentziak ebaluatu behar ditugu. Orain dela gutxirarte, gaitasunak ziren. Konpetentziak zer diren jakiteko, entzun ditzagun aditu baten hitzak.
Ez dago oraingoa goraipatzeko zetan gezurrak esan aurrekoari buruz. Neu ere hezkuntza sistema zaharraren semea naiz (OHO, BBB eta UBI). Frantsesa ikasi nuen neuk ere eta, frantseseko nire klasetik 20 urte baino gehiago pasa ondoren, gai nahiz oraindik frantsesez ogia eskatzeko baino dexente gehiago egiteko. Hori alde batera utziz, zein da guzti honen arazoa? Alde batetik orainarte gaitasunak ebaluatzearen onurak defendatzera zetozenak orain konpetentziak ebaluatzea mundiala dala defendatzera datozela. Orain dela gutxi aditu bati entzun nion ez dela beharrezkoa, ona ere ez, batxilergoan orduak eta orduak botatzea integralak egiten. Baina, klaro, hautazko frogan jartzen dizuten edozein integral egiteko gai izan behar zara, hautazko frogan (bueno, uste dot honi ere izena aldatu diotela) ez bai dira konpetentziak ebaluatzen. Hau da, betiko azterketa jartzen diote.
Atzerago joanda, neska-mutikoak 16 urte pasatzen dituzte hezkuntza sistemaren derrigorrezko etapatan erritmo motel batean. Ezin baita ahalmen gutxiago duena baztertu. Diskriminaziorik ez. Baina 17 urterekin, bat batean, batxilergoko 2 urtetako lasterketa gogorrean aurkitzen dira non, ez baduzu eskatzen den media lortzen, ezingo duzu ikasketa konkretu batzuetara joan.
Ze jolas klase da hau? Hezkuntza sistemari on egiten al diote pedagogoek?