Albiste txar gehiago dauzkagu. Orain dela egun batzuk komuneko ura hemisferio batean alde batera eta bestean bestera egiten duenaren mitoa ezeztatu bagenuen, gaur Coriolisen indar bera ere ezeztatzera gatoz. Ez dakit konturatuko zineten, baina Coriolisen efektuari buruz hitz egiten genuen beti, inoiz ez Coriolisen indarrari buruz. Efektu bat delako, eta ez indar erreal bat. Ikus dezagun MIT (Massachussets-ko Teknologia Institutua)-ren bideo honetan. Baina, ikusi aurretik, azaldu dezagun.
Bideoan bi mutil agertzen dira, biratzen dabilen plataforma baten gainean pilota bat bata besteari jaurtitzen. Plataforma geldirik dagoen bitartean, dena normal. Baina, plataforma biratzen dagoenean, pilota desbideratu egiten da. Ziur? Ba ez, ez da desbideratzen. Ikus dezagun bideoa.
Bi ikuspuntutik erakusten da bideoan pilotaren mugimendua. Kamera gelan, sistemaren gainean baina geldirik jartzen denean, pilota zuzen doala ikusten da. Ez dago biraketarik. 55. segundoan gertatzen da. Hau da fotograma.
Ondoren, gauza bera baina plataformaren mugimendua jarraitzen duen kamera batekin erakusten digute. Hau da, plataformaren sistematik zer ikusten den erakusten du. Pilotak kurba bat egiten duela dirudi. Coriolisen efektua da. Baina, perspektiba horretatik ere, pilota zuzen doala ikusi daiteke. Fijatu nun jaurtitzen duen pilota eta ze ibilbide egiten duen pilotak abiapuntu horretatik. Zuzena. 1min22s unean ikusten da. Hau da fotograma.
Azkenik, mutil bietako batek zer ikusten duen erakusten digute. Pilotak kurba bat deskribatzen du. Hemen fotograma.
Hori da Lurrean distantzia handira jaurtitzen diren jaurtigaiekin gertatzen dena. Jaurtigaia desbideratzen dela ikusten dugu eta, hori azaltzeko, indar bat asmatzen dugu. Coriolisen indarra. Eta erabilgarria da gainera. Hori kontutan izanda, pilota bere helmugara heltzeko zer egin behar duten ikasten dute. Hori da amaieran egiten dutena.
Bada honen estiloko beste indar bat, indar zentrifugoa. Hau ere ez da benetako indarra. Ez da existitzen. Ikusi dezagun Ilargiarekin. Ilargia orbitan mantentzen da, jasaten duen erakarpen grabitatorioa indar zentrifugoarekin orekaturik dagoelako. Hori esaten da. Gezurra. Indar zentrifugoa ere guk asmatutako indarra da, ikusten duguna azaltzeko. Zer da errealitatean gertatzen dena? Ilargiaren abiadura tangentziala, gutxi gora behera, 1 km/sgkoa da. Eta mugimendu tangentzial hori Ilargiaren erorketa askearekin konbinatzen da, Ilargian bere orbitan mantentzeko behar duen heinean. Garbiago azalduz. Bektore urdina abiadura bektorea da. Baina suposa dezagun Ilargiaren mugimendu tangentziala dela. Ilargiak desplazamendu hori egiten duen bitartea, gezi urdinaren puntatik orbitara dagoen distantzia erori da. Eta orbitan jarraitzen du. Mugimendu bi hauek (tangentziala zuzen eta erorketa, desplazamendu tangentzial honekiko perpendikularra) aldiunekoak direnez, Ilargiak, etengabe, bere orbitan mantentzen da.
Beste adibide bat, guzti hau argitze aldera. Demagun gure kotxearekin kurba batean sartzen garela, kotxe gainean poltsa bat ahaztu dugularik. Geuk hartzen dugu kurba, baina poltsak ez. Poltsak zuzen jarraitzen du. Kotxetik ikusita, poltsak kanpoaldera egiten duela dirudi. Indar zentrifugoaren “erruz” noski. Baina, errealitatean, poltsak zuzen jarraitzen du. Ez du besterik egiten. Ez dago, beraz, inongo indarrik bere gainean. Nola ba, zuzen jarraitzen bai du eta?
Alegiazko indar hauek sistema ez inertzialetan dauden behatzaileek asmatu behar dituzten indarrak dira, ikusten dutena azaltzeko. Hor uzten dugu gai hau. Sakonduko duguna egunen batean. Agian.
Amaitu aurretik, gauza bat argitzea nahiko genuke. Badago interneten nork esaten duen indar zentrifugoa benetakoa dela. Newtonen hirugarren legeak eskatzen duen erakarpen grabitatorioaren aurkakoa dela diote. Faltsua. Lurrak Ilargia erakartzen du. Eta, neurri berean Ilargiak Lurra. Hori da Ilargiak jasaten duen erakarpenaren bikotea. Indar biak berdin-berdinak, baina aurkako norantzakoak dira, printzipioak eskatzen duen bezala. Nola ez da ba orduan Lurra Ilargira erortzen? Berez, egiten du, Lurra-Ilargia sistema kontatzen den baino sistema konplexuagoa delako. baina, hala ere, Lurrak jasaten duen indarra berdina izan arren, ez da berdina jasaten duen azelerazioa. Eta horren menpe dago eragina. Azelerazioa formula honekin kalkulatzen da: F = ma (indarra berdin masa bider azelerazioa). Lurraren masa Ilargiarena baino askoz ere handiagoa denez, Lurrak jasaten duen azelerazioa, askoz ere txikiagoa da.