Bihartik aurrera eta datorren astean zehar, hiru planeta dantzan ibiliko dira goizeko zerutan eta ikusi ahal izateko, ez da behar izango inongo laguntza optikorik. Baina tira, astronomiaren afizio honek sarri du konplikazio puntu bat. Ikusi ahal izateko, goizean goiz jaiki beharko gara.
Merkurio, Marte, Artizarra (Venus), Jupiter eta Saturno begi-bistaz ikusi ahal dira. Gure arbasoek zazpi “gauza” ikusten zuten zerutik mugitzen eta bakoitzak asteko egun bat du lotuta. Batzuk diote asteak horregatik dituela zazpi egun eta ez gehiago edo gutxiago. Hizkuntzatik hizkuntzara saltoka ibiliko gara hori ikusteko. Monday-lunes, nola ez, Ilargiaren eguna da. Martes, Marte, miércoles Merkuriona, jueves Jupiterrena, viernes Venus (Artizarra)-rena, Saturday Saturnona eta Sunday, azkenik, Eguzkiaren eguna da.
Lurra Unibertsoaren zentroa zela uste zen eta zazpi objektu horiek, Eguzkia eta Ilargia barne, planetak ziren, zeruan zehar mugimenduan ibiltzen direlako. Eta Urano eta Neptuno? Hauek eta gaur egun ezagutzen ditugun hainbeste objektu teleskopiotik ikusten dira soilik eta ez ziren, beraz, antzina ezagutzen.
Goazen harira. Datozen egunetan Merkurio, Artizarra eta Saturno elkarren ondoan ibiliko dira goizeko zeruetan. Saturno nahiko poliki mugitzen da, baina Artizarra eta bereziki Merkurio, azkar ibiltzen dira. Era sinple batean azalduz, bi hauek Eguzkitiko so gertu ibiltzen direnez, oso azkar mugitu behar dira bertan ez erortzeko. Dagoeneko, Merkuriok jainkoen mezulariaren omenez du izen hori.
Aldaketak egun batetik bestera nabarituko ditugu. Irudian ikus dezakezue nola egongo diren planetak bihar goizean, goizeko zazpirak inguruan Bergaratik. Beste leku batzuetatik gauza bera ikusi ahal izango da, Euskal Herrian bagaude behintzat. Eta peninsulatik ere, nahiko antzera. Irudiak Stellariumetik atera ditugu, beti bezala.
Oso erraz aurkituko ditugu, justu ekialdean izango direlako. Irudiko E hori, ekialdea da. Ez badakigun on dagoen ekialdea, iparrorratza erabili edo, besterik gabe, begiratu eguzkia irteten den horizontera. Horizontea zenbat eta lauagoa, hobe. Bestela planetaren bat mendi baten atzean gordeta izango dugu. Egunsentitik zen bat eta gertuago, hobe, planetak, eguzkia bezala, irteten ari dira eta.
Hurrengo irudia urriaren bosteko (astelehena) egunsentikoa da, egunik interesgarriena, agian. Ez da erraza izaten Merkurio ikustea eta astelehenean elongazio maximoan izango da; hau da, altuerarik handiera harrapatzen du.
Urriaren 6 eta 7ko egunsentietan Merkurio Saturnora gerturatzen joango da, urriaren 8an posiziorik gertuenean egon arte. Ikusten den bezala, bost egun nahikoak dira aldaketak nabarmenak izateko.
Urriaren 11ko egunsentian Artizarra ere, bere aldetik, mugimenduan egon dela nabarituko dugu. Saturnora gerturatzen doa, berak ere Saturnorekin bere dantzatxoa egitera.
Urriaren 13an bere parean jarriko da. Baina kontuz, Saturno, denbora osoan, nahiko geldirik egon da. Fijatu, bestela, nola ondoan duen Virgoko izar horrekiko apenas ez den mugitu. Saturno Artizarra eta Merkurio baino askoz ere urrutiago dago eta denbora gehiago behar da bere mugimendua nabaritzeko. Virgoko izartxo hori Beta Virginis da, konstelazio horretako bigarren izan distiratsuena. Izen propioa du, Zavijava.
Eta dantza guztiei amaiera emateko, urriaren 16an Ilargiak egingo du presentzia inguruan. Ordurako merkurio baxuegi egongo da et anekez ikusiko dugu. Artizarrak ere altuera galtzen doa eta laster desagertuko da. Bere goizeko aurkezpena bukatzear dago. Baina zain egongo gara, beste aldean noiz agertzen den. Ez da gehiegi falta.
Zorte on eguraldiarekin,mereziko du eta. Eta norbaitek argazkiren bat ateratzerik badu, bidali, argazkia hona: mnarregi@gmail.com eta hemendik jarriko dugu.